Ainhoa Ezeizari erantzunez EHUMOOC kurtsoa dela-eta



Ainhoa Ezezeiza lankideak posta idatzi du EHUMOOC ikastaroa goian-behean kritikatuz. Gera bedi hasieratik ni ez naizela arduraduna, eta natorren desmontatzera zenbait argudio.

 0.- OCW sistema jakintza estatikoari dagokio; ez da ordea, MOOC kontzeptua kasua, azkeneko hau etengabeko berrikuntzari baitagokio, jakintzaren transmisioari, alegia. Hobeto uler dezan irakurleak, derragun OCW liburu estatikoaren parekoa dela, berriztatzen ez dena eta ISBN kode preziatua lortzeagatik soilik egin ohi dena, tamalez. MOOC edo ikastaro masiboaak kontzepzio horren beste aldea izan nahi du, hau da, jakintzaren transmisioa etengabeko berrikuntza egin eta horixe zabaldu edonork ikus dezan.

 1.- MOOCak irekiak dira egiten direneino, urtean bizpahiru aldiz modu irekian egiteko aukera emanez, irakasleak bertsiotik bertsiora berriztatu egin behar baitu materialak, bistan denez. Material edo ekai hobeak eta berriak ematearren modu itxian ere egon behar da berriztatzen den bitartean. Hortaz, libreak eta irekiak dira nahiz eta beti ez egon ikusgai. Erregistroak egitea ezinbestekoa da asmoa baitago klase eta irakasgai itxi tradizonalen ordezkoak izateko.

 2.- EHUMOOC ikastaroa munduko gainerako MOOCen antzera antolatuta dago, bideoak ikusgai egonik Youtube-n. Baina, hori bai, horietariko bideo batzuk kentzea eta hurrengo saioan landuagoak diren beste batzuk jartzea onuragarriagoa litzateke eta hortaz, txalotzeko modukoa eta ez kritikatzeko kentzeagatik, MOOCen balioa etengabeko berrikuntza egiteko tresna izatea baita. Plataforman erregistratzea edonorentzat da libre eta metrika eginez jakin dezakegu nola inplementatu hobeto hurrengo aldian, noiz eta berriz emanen baita.

 3.- MOOCengan sinesten dugunok sinesten dugu eskuarki BAZARraren eredua dakartelako goi irakaskuntzara, asignatura eta klase itxietan oinarrituriko KATEDRALAren ereduaan ez bezala.

 4.- MOOCak ez daude irakasle askok erabiltzen duten eredu irekiaren kontra, eredu bera baitute batak eta besteek, biak txalogarriak izanik. Eta egia da, Ainhoa Ezeizak eta biok uste dukegun bezala, modu irekian lan egin duten irakasle horien lanak ez duela nahiko erekonozimendu ofizialik lortu. Baina, bistan da irakasle horiek MOOCen aroan besteak baino aukera gehiagorekin egonen direla duten eskarmentuagatik.

 5.- MOOC ikastaroek balioko dute jendeak jakin dezan zein den edukigile ona eta zein ez, zeinek lortzen duen arrakasta eta zeinek ez, nork berriztatzen dituen ekaiak eta nork ez... Jakintzaren transmisioa Gutenbergen galaxiatik geldi egon da mugitu gabe eta era itxian, negozio erraza izanik hainbat enpresarentzat. Orain, dena alda daiteke eta negozioa banaka batzuen esku gera daiteke (lau unibertsitate eta Telefonica/Santander bikotearen esku). Nik eta hainbat lankidek ez dugu arrakasta ikusiko segurik, baina uste dugu sistema ona dela, etengabeko berrikuntza dakarrelako Software Librearen pentsamoldearekin. Agian, eztabaida nagusia honakoa izan behar da: EHUk non utziko ditu ekaiak? Santander bankuaren plataforma miresgarri eta geldoan, ala bertokook sortutako gune neutroan? Hor dago koxka eta erronka. Unibertsitatea metaunibertsitatea izaten hasiko ahal da Bizitza Osoan zeharko Ikaskuntza eskainiz!

 6.- EHUMOOC proiektu pilotoak EHUren korporazio irudiak errespetatzen ez baditu, bota nazatela ni eta nilako hainbat irakasle gure klase ofizialetarako sare sozialetan utzitako baliabide ez-korporatibistengatik. EHU ez da korporazioa, erakunde publikoa baizik, gainera. Aski egiten dugu EHUren alde gure ekaiak musutruk domeinu publikoan utziz EHUren izen ona goratuz. EHUMOOCen gure erakunde publiko onaren izena nahiko ongi ageri da nire ustez.
.

Iruzkinak