2. Telebista informatiboaren kalitateaz

Informazioaren kalitatea non den esateko orduan, aditu guztiak ez datoz bat, bistakoa denez. Ikusentzunezkoak ondo aztertu dituztenek hala ere zenbait faktore aipatzen dituzte telebista informatiboan kalitatea non dagoen esan ahal izateko. Horrela, Mariano Cebrián irakasle eta profesionala zenak honako lauak aipatu ohi zituen:

1. Ikusentzungarritasunaren printzipioa: idazgelara heltzen diren irudiak kalitate onekoak izan behar dira, ikusentzungarritasuna errazteagatik. Hala ere, salbuespenak ere badaude egon; esaterako, John Kennedy tiroz hil zutenean herritar batek zine kamera batez (super 8 formatukoa) grabatu zuenekoa hor dago eta hainbat pertsonarentzat balio izan du momentua oroitzeko. Beste kasu bat, Taiwanen izandako abioi istripuarena da (2015eko otsailaren 4koa), autobidean herritar batek grabatua. Bideoa kalitate eskasekoa zen arren, informazio zama handia zeraman. Egun, autoetan kamerak (dash-kamerak) eramaten dira eta hori dela-eta posible da ezusteak edo istripuak momentuan grabatzea.

Taiwaneko abioi italo-frantsesaren istripua, autobidetik gidari batek grabatua RT kanal errusiarrean agertu zen.

Beraz, karga edo zama informatiboa oso inportantea denean zilegi da kalitate eskaseko grabazioak baliatzea. Horrez gain, irudiak eta soinua sinkronizaturik joan behar dira, bistan denez. Tamalez, batzuetan bideoak formatu batetik beste batera pasatzeko orduan sinkronizazioa galdu egiten da, ekaiak era horretan hutsaren hurrengoa izanik.

2. Ulergarritasunaren printzipioa. Telebistatik eskaintzen den informazioa ondo antolaturik joan behar da, klarki deskodetua izan behar da. Argia izan behar da atonkera, bai planoen antolakeran, bai eta montatzerakoan ere, abiadura egokia eta irudiak eta soinuak ondo baliatuz, sinkronizatuta. Ikusentzunezko lana dela pentsatu behar du telebistalariak, prentsa idatziko ohiturak eta moldeak albo batera utzita. Telebistak ez du zerikusirik prentsa idatzirako idazten den moduarekin. Antisinkroniari itzuri behar diogu, zeren eta bestela bi mezu kontrajarri eskainiko baikenituen. Prentsa idatzian ere gerta daiteke hori baldin eta irudiak eta mezuak bat ez badatoz. Desinformazioa hasten da egiak erdizka esaten direnean, ondoko adibide honetan agertzen den eran.

Irudian ageri den informazioan, ospitalean egindako bonbardaketa Ukrainak egin zuela jakin arren, mezuak ezkutatu egiten du hori, ukrainiar prentsaren bertsioa plazaratuz. Eta hori salatu egiten du EHUko irakasle batek Twitterren bidez.

Telebista aproposa da zirrara sortzeko, eta horregatik kazetariak ondo atondu behar ditu planoak eta soinuak edota testuak, ulergarritasuna zabaltzekotan.

3. Dentsitatearen printzipioa. Honen bidez aipatu gura dugu informazio datuen kopurua, notiziak deskodetu ahal izateko kopuru hori inportantea delako. Datu informatiboen kopurua emendatuz gero, gerta daiteke albisteak lixiritzeko zailak izatea, hau da, nahasgarriak izatea. Datu kazetaritzan gertatu ohi da hori. Datuak, xehetasun planoak, kopuruak eta abar etengabe aipatzea batzuetan ez da egokia notizia deskodetzeko. Ez dezagun ahantz telebistako informazioa lipar batez desagertzen dela, ez bada Interneten txertaturik ikusten, jakina. Telebistako informazioak tratamendu laburrak egitea dakar nahitaez maiz.

4. Testuinguruak baliatzearen printzipioa. Albisteak hobeto ulertzen dira testuinguru batean jarrita daudenean. Notiziak atalka antolatu ohi dira hobeto jasoak izan daitezen, ordenaturik eta ez nahas-mahas. Nazioartekoak nazioarteari dagokion atalean, kulturazkoak kulturaren atalean, kirol notiziak kirolen atalean eta abar. Horrez gain, bada izan albisteak berak erreferentziatzen duen testuingurua ere. Testuinguru hori ondo emateko sarritan irudiez baliatzen gara, oso zaila izaten baita datu batzuk irudirik gabe ematea. Kontua da irudikatzea ahalik eta hobekien notiziaren muina eta zergatia. Ondoko adibidean erraz ikus daiteke hori. Everest mendiari buruzko informazio batean datu batzuk errazago eman daitezke infografiak baliatuz. Kasu honetan Everesteko istripu bat non izan den ikustarazteko infografia ezinbestekoa izan daiteke. Albistearen testuingurua hobeto uler dadin edo muinaz jabe daitezen ikusleak, hobe da horrelakoak erabiltzea ahoz irudirik gabe esatea baino.

Kalitatearekin segituz, David Randall1 kazetari ingelesak kazetarien arteko hitzarmen bati buruzko aipamen interesgarri batzuk egiten ditu Kazetari Unibertsala izeneko idazlanean. Berriemaile ona izateko, edozein hedabidetan lan eginda ere, ez pentsatzea dena egia izan behar denik deritzon leloa gauza oroz gainetik jartzen du arau orokorra bailitzan. Gero, kalitatea ondoko arauetatik ere etorriko omen da:

1. Aurkitu eta argitaratu informazioa zurrumurru edo aierupenen ordezkoa izan daitekeena
2. Gobernuen kontrolei aurka egin edo zirkin, trabak gainditu ahal izateko egiaren mesedetan
3. Bozkatzen duten herritarrei informazioa helarazi
4. Gobernuaren jarduerari edo ezjarduerari aiduru egon, zerbitzu publikoak kontrolatu behar direlako.
5. Enpresek zer egiten duten kontrolatu, bai langileak nola tratatzen dituzten, baita zelako produktuak eta zerbitzuak ematen dituzten ere.
6. Ahotsa eman herritar xumeei, normalean botere handirik ez dutenei, beren boza entzunarazteko.
7. Jarri ispilua gizartean, gauza onak eta txarrak islatzeko, sineskeriak azalaraziz edo desmitifikatuz.
8. Justiziaren jarduerari trabarik ez ipini, jarduera hori publiko bilakatuz.
9. Ideien elkartrukatzearen alde egin, ahotsik ez duten pertsonei ere plataforma eskainiz.

Telebistako informazioaren kalitatea balore multzo batetik sortzen da: hedabideko kazetari bakoitzaren lana, hedabidea kontrolatzen duen botere ekonomiko edo politikoaren lana, herrian dagoen kultura periodistikoak dituen baloreak, eta elementu edo osagai guzti horiek herritarrek nola jasotzen dituzten ere kalitatea antzemateko beste faktore inportante bat da.

Bukatzeko, Randall-ek hitz handiak dakarzkigu: “helburu horien alde lan eginez, kalitatea bilatzen duten berriemaileek gizarteari Estatuko funtzionario publikoek baino zerbitzu hobea eskain diezaiokete, zeren eta ez baitiote leialtasunik eman behar Estatuari, beren herkideei baino”. Hala ere, enpresen trabak gaindituta, telebista publikoetan ere garrantzitsua da arau horiek zabaltzea, are gehiago ustelkeria kasuen berri emateko ere, dela notizien bidez, dela eztabaida saioen bidez.

Youtubeko Fuera la Casta kanaleko irudia da goiko hori. Ustelkeriari buruzko eztabaida EAEko ETB telebistan. Helbide honetan ikus daiteke bideoa: http://youtu.be/wrcPHIoaGqc Ahoztar Zelaieta Zamakona ikerkuntza-kazetari nafarraren kanalean dago.


Iruzkinak