Telebistako albiste edo berriak egiteko unean zenbait galdera ukan behar ditugu gogoan:
1. Zer ari da gertatzen?
2. Nor edo nortzuk daude inplikaturik?
3. Non ari da gertatzen?
4. Noiz ari da jazotzen?
5. Zergatik ari da gertatzen?
6. Zein da informazio iturria?
Batzuetan galdera horiei erantzundakoan edo horien gaineko gogoeta apur bat eginez gero, albistea benetan eman behar dugun ala ez argiago ukanen dugu. Sare sozialen garaian, hau da, herritar guztiok informazio zabaltzaile garen heinean, errazagoa izaten da albiste faltsuak ibiltzea non-nahi. Iturriak kontsultatu behar ditugu informazioa benetakoa den ala ez jakiteko; eta hala eta guztiz ere batzuetan oso zaila izaten da jakitea zer gertatu den edo benetan gertatu denentz. Telebistan, albisteak hainbat azkarren emateko nahi edo desirak maiz gezurrezko datuak zabaltzea dakarkigu. Eta Twitter mikroblogging sarean kontuz ibili behar dugu gezur asko zabaltzen direlako bertan. Maldita.es webgunean azken sasinotiziak ikus ditzakegu, nazioarte mailan Checkify bezalako erremintak ageri direlarik.
Prosumerren aroan bizi gara gaur egun, eta hori dela-eta bada langintza bat, garrantzi berezia hartu duena: sasi-notiziak topatzea. RTVE erakundearen honako erreportaia honetan, gaian sakontzeko aukera ukanen dugu:
Fake News. RTVE. |
Wikipedian, ingelesezko bertsioan bada zerrenda bat noizean behin gaurkotzen dena gezurrak zabaltzen dituzten webguneak agerian jartzeko. Horrelako zerrendetan kontsulta egitea ere interesgarria izan daiteke faltsuak diren iturriak desmaskaratzeko.
Gogora dezagun egungo teknologia digitalak erraz askoan ematen digula aukera albiste faltsuak sortzeko. Webguneak ere badaude egon langintza hori edonoren esku uzten dutenak The Fake News Generator bezala.
Iruzkinak