AlinE Calandrini iruzkingile brasildar ospetsua, Santos eta Corintians futbol taldeetan aditua. Iturria: mktsportivo.com |
Post honetan, aspaldion horrenbeste zabalkuntza eduki duen iruzkin edo komentarioa aztertuko dugu, telebistan aplikaturik, jakina.
Hasteko, diogun ezen badela telebistan eta irratian bakanka egiten den iruzkin-mota bat: iruzkin editoriala. Editoriala enpresaren jarrera ideologikoa azaltzean datza, eta autore batzuek, Mariano Cebrián-ek kasu, bereizi egiten dute editoriala iruzkinetik. Cebrián-ek (1992, 66) honakoan dakusa desberdintasuna: “editorialetik bereiziz, iruzkinak ez du jarrera bat finkatu nahi, hots, egintzak edo gertaerak direla-eta aukera bati atxiki nahi, gauzak argitu eta gertaerak azaltzeko esplikazioa eman baizik”.
Hala ere, ohiko generoa dugu gaurkotasun-iruzkina; beronetan telebistak ez du hitz egiten, egileak edo komentaristak baino.
Mariano Cebrián-ek (1992, 65-66) ondokoan jartzen du genero honen oinarria: “informazioa lantzen den tokitik hedatzen diren egintza konkretuen eta egoera orokorren analisi eta interpretazioan”. Eta hauxe eransten du M. Cebrián irakasleak: “gaian aditua den espezialistak egina eta aurkeztua delarik”. Beraz, bistan da aburuzko generoa dela iruzkina. Eta genero honetan lau egintza nagusi burutu ohi dira: interpretazioa, argitzea, esplikazioa eta kritika.
Iruzkina sortze-lana denez gero, ezin daiteke bere egiturari buruzko formula zehatzik eman. Esan dezakegun gauza bakarra ondokoa da: elementu azalgarri eta narratiboak, interpretazioa eta ondorioak dauzkan hitzaldi taxutua da iruzkina. Bestela esanda, telebista-iruzkina, kazetariak edo hizlariak komunikatzen duen kritika baloratiboa edo interpretazio dokumentatua da.
Gaur egunean, komentarista iruzkinaren egilea bera da, bere testua irakurriko duena. Beste garai batekoa da artikulugile edo informatzaile ospetsuak idazten zuenekoa, gero, hizlari batek irakurria izan zedin.
Testuaren intentzioaren arabera, iruzkina honako sail hauetan sailka dezakegu:
A. Kritikoa: gizarteko egintzen eta portaeren balorazioa egiten denean, bai alde agertzeko, bai aurka egiteko.
B. Azalgarria: jazoera edo albiste baten zergatiaren azaltzearen enfasia edo tonu didaktikoa nagusitzen denean.
C. Interpretagarria: egiaren “beste aldea” bilatzen denean, iruzkintzen diren gertaeren alde izkutuak interpretatzen saiatzen denean.
D. Induktiboa: entzulearen senari, sentimenduei edo interesei eragiten diena, entzuleriaren gogoa bideratzeko asmoz egiten dena, alegia.
Gaurkotasuna duen iruzkina egiteko orduan, Muñoz eta Gil autoreek (1986, 68-69) honako ohar hauek gogoan edukitzea aholkatzen digute:
1. Iruzkingilearen ikuspuntua dela argiro azaltzea, honetarako bere izen-deiturak edo goitizena aipatu beharra dago.
2. Aurreitzirik eza. Demagogiari, manikeismoari, baliabide errazei eta topiko etniko eta moralei ez diegu tokirik eman behar.
3. Irizpide-independentzia.
4. Bokantza edo komunikazio-indarra, zeinek informazio saioan aipatzen den gaiaren ezaguerarekin eta gai horren planteamenduaren egiazaletasunarekin zerikusia baitu.
Bukatzeko, ikus ditzagun bi adibide Youtuben. 13 TV telebista eskuindar nazionalista katoliko espainiarrak egindako iruzkina da lehena. Bigarrenean, iruzkingilea Iñaki Gabilondo kazetari ospetsua da.
Iruzkinak